Print this page
Asteartea, 27 Ekaina 2017 12:17

Parentalitate baikorra

Haurren sozializaziorako eta nortasunaren heziketarako funtsezkoak dira  hezkuntza praktika egokiak eta eremu familiarrean haurrenganako tratu onak garatzea.

Haurrenganako tratu onek hauen garapenean eta ongizatean eragin positiboa dute. Horretarako, familiak errespetuan, heziketan, afektuan eta beharrizanetan nolabaiteko arreta jarri behar dute. Haurrenganako tratu onak familia esparruan hasten dira normalean. Hala eta guztiz ere, gaur egun, hezitzaileek eta zaintzaileek, gehienbat aitona-amonek, garrantzia handia hartu dute haurren heziketa eta garapen psiko-sozialean.

            Haurrekiko tratu ona izatea poza, haurrarekin konpartitzeko denbora eta espazioa izatea da, hauen garapena eta hazkuntza gertu ikusiz. Hau guztia eskaintzen zaion haurra zoriontsua da, entzuten eta aintzakotzat hartzen dutela sentiaraziko baitu. Honen ondorioz, bere sentimenduak eta kezkak komunikatuko ditu eta ingurukoengan konfiantza izango du.

TRATU ONAK FAMILIAN

Europako Parlamentuak gaur egungo gizartean gurasoek izan behar duten rolari buruzko  gomendio batzuk garatu zituen. Gomendio hauetan, gizarteko alderdi sozial guztiek ekintza integratu eta koordinatuak egiteko beharra adierazten du, bizikidetza familiarraren kalitatea hobetzeko eta haurrekiko tratu ona bermatzeko.

  1. Afektuaz eta laguntzaz hornitu.
  2. Haurrekin interakzionatzeko denbora eskaini.
  3. Beraien adinaren araberako jarrera eta eboluzio-ezaugarriak ulertu.
  4. Seme-alabekin komunikatzea; entzun, ikuspuntu desberdinak errespetatu eta erabaki familiarrak hartzerako garaian parte hartzea bultzatu.
  5. Haurren jarrera egokia bultzatzeko arau eta limite zehatzakezarri.Euren jarrera desegokiei erantzun ona eman, ondorioak azalduz eta azalpen koherenteak emanez, betiere, gehiegizko zigorrak edo zigor bortitzak ezarri gabe.
  1. 1. Afektuaz eta laguntzaz hornitu.

Norbanakoa bere bizitzako edozein garapen etapatan maitatua, onartua eta errespetatua sentitzen denean, bere portaera positiboagoa eta kooperatiboagoa izan ohi da. Honek guztiak pertsonari enpatizatzen, ulertzen, komunikatzen, besteekin kooperatzen eta bizikidetza familiar eta sozialeko arauak errespetatzen errazten dizkio.

Komenigarria litzateke haurrekin erlazionatzeko garaian, jarrera atsegina eta maitekorrarekin batera tinko eta sendoa izatea,  heziketa eta bizikidetza familiarra betearazteko. Ahaztu gabe, gurasoek haurrei laguntza transmititzeko hurbiltasuna, konfiantza eta intimitatea gakoak direlarik.

2. Haurrekin interakzionatzeko denbora eskaini.

Gizakiaren garapenaren inguruan eginiko ikerketetan, haurrek euren gurasoekin atentzioa, afektua eta onarpena behar dutela azaltzen dute. Horretarako, haurrekin egoteari, jolasteari, laztantzeari, hitz egiteari, sentimenduak adierazteari, ekintza bateratuak egiteari…  denbora eskaini behar zaie.

Elkarbizitzako momentuak erakargarriagoak izaten dira interesak, pozak, onarpena, enpatia eta umorea elkarbanatzen direnean. Horrek loturaafektiboak, intimitatekoak eta konplizitatezkoak garatzen eta mantentzen laguntzen dute, haurren zein gurasoen garapen pertsonalerako garrantzitsuak direnak.

Haurrekin lasaitasunez interakzionatzeko garrantzitsua da aurretik planifikatzea. Nahiz eta denbora gutxi izan interakzio hori gauzatzeko, haurrekin egote hutsean denbora gehiago igarotzea baino eraginkorragoa da.Interakzio hori ematen den denboran, gurasoek haurrekin etxeko lanak egin ditzakete, hala nola, etxea garbitu, janaria prestatu, haurren eskolako lanak egin, edo baita aisialdiko hainbat ekintza ere, jolastu, haurren gustuko gauzetan parte hartu, etab.

3. Beraien adinaren araberako jarrera eta eboluzio-ezaugarriak ulertu.

Garapen etapa bakoitzean haurrek ohiko behar, konpetentzi eta jarrerak izaten dituzte. Hauek ezagutuz gero, gurasoei haur bakoitza hobeto ulertzeko eta beraien itxaropenetan, mugetan eta  erantzunetan laguntzeko aukera emango die. Gurasoek hau jakinik haurraren  garapen erritmoa errespetatzeko aukera du, bere gaitasunak baino gehiago edo gutxiago eskatu gabe.

Honek guztiak elkarren arteko errespetua eta haurra bere adinaren araberako erantzukizunak hartzeko aukera izatea dakar

4. Seme-alabekin komunikatzea.

Entzuteko prozesua modu aktibo batean egiten denean, enpatia eta elkarrenganako errespetua bezalako baloreen eta konpetentzia pertsonalen garapenean eragina dauka.

Haurrak txikitatik ingurukoak behatuz eta imitatuzjarrera desberdinak garatzen ditu. Horregatik,ahozko eta ez ahozkoak diren estrategia desberdinak, tonu, forma, erritmo, etab barneratzea komenigarria da. Hauek asertiboki komunikatzen lagunduko die gurasoei tonu egoki, positibo eta ez-oldarkor batean.

Haurrak hazi ahala gurasoekiko erlazioak konplexuagoak izaten dira. Berdinen artean, lagunekin, erlazioak gero eta estuagoak izaten dira, independenteagoak eta autonomoagoak izanik. Guraso asko ez dira hau ulertzera iristen eta haurren oreka emozionalari kalte egiten dioten jarrerak izaten dituzte (aurpegiratzeak eta elkarrenganako kritikak).

Haurrek entzute aktiboa, hizkuntza positibo eta estimulatzaile bat barneratu dezaten, euren potentzialak, lorpenak eta garapenak goraipatzea egokia litzateke, betiere muturreraino iritsi gabe, gehiegikeriarik gabe. Hau esaterako garaian gurasoen tonua atsegina eta finkoa izan behar du

5. Haurren jarrera egokia bultzatzeko arau eta limite zehatzak ezarri.

Gurasoak limiteak jartzerako garaian sendotasun eta malgutasun jakin batekin egin behar dute. Horrela izanik, haurrak frustrazioekiko tolerantzia eta auto-kontrola bezalako gaitasunak garatuko ditu, bere barneko motibazioaren arabera. Auto-kontrola barneratzeko gurasoek erabili ditzaketen estrategien artean, haurrengan itxaropen positibo eta errealak sortzea da. Honek inguruak eskatzen dionaren araberako jarrera desberdinak izaten lagunduko dio.

Batzuetan, haurrek esploratzeko eta esperimentatzeko joera izaten dute, arauak alde batera utziz eta haratago joanez. Nahiz eta jarrera hori izan, beti ez da erronka gisa hartu behar. Erronka gisa hartuta ere, gurasoek euren erantzunak autoerregulatu behar dituzte, garrasi egin, mehatxatu eta jo bezalako jarrerak ekidinez. Erantzun hauek ez diote haurrari kontrolatzen laguntzen, baizik eta, txikitatik gurasoak ispilu bezala hartu eta hauen jokabidea imitatzeko joera izango dute. Gurasoek mehatxatu eta jo dezaketen mezua helarazten baitie.

Haurraren familia mota edozein delarik, haurraren kargu dauden helduek hauen jarreren eta egindako ekintzen ondorioetan modu berdinean erantzutea komeni da, limite berdinak ezarriz. Honek haurrei, jarrera ohituren prozesuan koherentzia, sendotasuna eta segurtasuna hautemateko aukera emango die, jarreren auto-erregulazio emozionala garatzen lagunduz.